Hiriko eraikinik esanguratsuenetarikoa da AlhóndigaBilbao. Bertan, kultura eta aisialdirako gune aproposa aurkituko duzu, guztientzako moduko eskaintza anitzarekin. Topaleku ezin hobea da partekatzeko, ikasteko eta gozatzeko, bai banaka, bai taldeka nahiz familiarekin; mundu guztiaren- tzako moduko kultura, aisia zein kirol arloko hainbat proposamen aurkituko dituzu bertan.

43.000 metro koadro ditu AlhóndigaBilbaok, hiriko ardo-biltegi zaharrak. Eraikin modernista da AlhóndigaBilbao, eta "Interes Kulturaleko Ondasun" izaera eman zion Eusko Jaurlaritzak, 1999an; bertan, iragana, oraina eta etorkizuna uztartzen dira. Ricardo Bastida arkitekto bilbotarrak XX. mendearen hasieran diseinaturiko fatxadak eta espazioaren zati bat bere horretan mantendu eta zaharberritu egin dira. Kanpoaldeko klasizismoak kontrastatu egiten du barneko espazio hiritar, berezi, berritzaile eta zurrunarekin. Kasu horretan, Philippe Starck-ek Bilboren bizimodu eta energia islatu nahi izan du, bere diseinuaren bidez.

Erakusketak, kontzertuak, hitzaldiak, haurrentzako tailerrak, orotariko jarduera fisikoak, irakurketa-gunea, kafea hartzeko tokia… AlhóndigaBilbaoren eskaintza anitza eta egunerokoa da, diziplina anitzeko programarekin eta ordutegi zabalarekin. Noizean behin bisitan datorren horietakoa bazara, edo inguruan bizi bazara, beti aurkituko duzu proposamen erakargarriren bat, zure neurrira egindakoa.